Harremanak
     Tel: 943 51 43 72
     Fax: 943 52 13 13
e-posta: info@...
Gehiago

 Ikastetxeko ibilbidea

“VITERI”TIK “KOLDO MITXELENA”RA

ESKOLA BATEN KRONIKA

Hainbeste errenteriarrek hain berea sentitzen dutenak, bere atzetik historia eta ohore handia du: 100 urtetan ESKOLA PUBLIKOA izatea, gorabehera historiko, sozial eta politikoen gainetik.

Bere historiaren oroigarri gisa balio dezaten ondorengo kontakizun hauek.

 

1903

Uztailaren 31

EGUN HORRETAN PEDRO DE VITERI JAUNAK, BERE IZENA ERAMANGO DUTEN ESKOLEN ERAIKINA EMATEN DIO ERRENTERIAKO UDALARI, PEDRO GASCUE ETA MURGA NOTARIO JAUNAREN AURREAN.

Garai hartan Gipuzkoan eraiki ziren hamarretako bat izan zen, aipatutako jaunaren eskuzabaltasunari esker, beti arduratuta bere herriaren heziketarekin. Eraikuntzak, garaiko 65.385 pzta kostatu zuen eta Jose Juan Aguinaga arkitektoaren lana izan zen. Dohaintzaren eskriturak zuen txosten bat non behe solairua gehi nagusia izango zuten eskola berriei buruzko xehetasunak agertzen baitziren.

Eragin handiko gertakizuna izan zen Errenterian: halako etxe eder eta zabala herriarentzat, eskola izateko eraikia, hain zuzen ere. Garaiko “La Voz de Guipuzcoa” egunkarian honela jasota zetorren uztailaren 30eko alean:

Bihar egiaztatuko da Errenterian, Viteri Jaun filantropoaren kontura, bertan eraiki diren eskola ikusgarrien ematea herriko Udalari.

Ematearen aukerako eskritura luzatu eta sinatu ondoren janaldia ospatuko da Udaletxean.

Arratsean Carretera kaleko etxe batean ipini den plaka desestaliko da eta aurrerantzean Viteri kalearen izena eramango du.

Ondoren, musika egongo da eta gertaera paregabeko hau behar den bezala ospatzeko, su-bilduma dotorea erreko da gauean eta musika bandak zenbait pieza joko du.

Hau guztia gutxi balitz, badira Esnaolaren aziendako zezen bat ateratzeko amorratzen daudenak eta Alkate jaunari eskatu nahi omen diote ekar dezan.

Gure ustez, eskaera luzatzen badute, alkatea errukituko da eta zezena askatuko die".

Abuztuaren 18A

ERREGEAREN FAMILIA OSOAREN BISITA ERRENTERIAKO I INDUSTRI-ERAKUSKETA IKUSTERA, ESKOLAREN ERAIKIN BEREAN KOKATUA ETA INAUGURAZIO OFIZIOSOA IZATEN DEN EKITALDIA.

Probintziako prentsan ekitaldi honek bere oihartzuna izan zuen:

...”Erregeek erakustaldia bisitatu zuten,instalazioak mirestuz, erakusketari bakoitzari bere ekoizpenari dagokiona galdetuz eta erakusten ziren produktuei buruz goraipamenak eginez.

                  ...Ondoren, eskola-eraikinari buruzko goraipamenak egin zituen, Pedro de Viteri filantropo ospetsuari oroitzapen maitakorra eskainiz."

Madrilgo prensak, bere aldetik:

Ez dugu aurkituko ez Suitzan, ez Alemanian, ez Belgikan, ezta Estatu Batuetan ere, hain herri txikirik, biztanlegoan eta luze-zabalean, Errenteriak bezainbat industria bertan finkatuta daukanik”.

Hasierako urte hauetan, 3.000 biztanle zituen Errenteriak, eta herriko ume gehienak pasa ziren eskolatik.

 

1908

MAIATZAREN 28AN HIL DA BIARRITZEN PEDRO DE VITERI JAUNA. UDALAK HILETA ELIZKIZUNAK ANTOLATZEN DITU BERE ARIMAGATIK ERREGUTZEKO, DEIALDIA LUZATUZ HERRIKO AGINTARI ZIBIL, JUDIZIAL, MILITAR, ELIZAKOEI ETA BAITA MAISU-MAISTREI ERE NESKA-MUTIKOEKIN ETOR ZITEZEN.

Arrasateko Udalak Viteriri oroigarri bat eskaintzea proposatu zuen eta laguntza eskatu zien Viterik eskolak zabaldu zituen beste herrietako udalei ere. Errenteriako Udalak 750 pzta eman zituen oroigarrirako eta Arrasaten inauguratu zen 1911ko ekainaren 29an.

Urte hauetan Cipriano Fernandez de Landa jauna zen eskolako maisua, eta bere izenarekin ezagutzen da egun eskola kokatuta dagoen enparantza.

 

1909

BIGARREN PISUA ERAIKI ETA GAU-ESKOLA SORTZEN DA (FRANCISCO GAZCUE JAUNAREN BULTZADAZ). BERTAN, MATEMATIKA, IRUDIGINTZA MEKANIKOA ETA ARTISTIKOA, MARKETERIA ETA TAILA IKASTEN DUTE GAZTEEK, ERRENTERIA ETA ESKUALDEKO LAN DESBERDINETARAKO EGOKITUZ, HONELA HERRIAREN INDUSTRI GARAPENA INDARTUZ.

Herriko musikagintza erabat lotuta egon zen eskolarekin: batetik, Hipolito Guezala jaunak egunero ematen zituen musikako klaseak, eta bestetik, Musika Bandak bertan egiten zituen saioak.

Hona hemen eskolak herriarekin zuen harremana adierazten duen pasadizoak:

-Eskola eraikinaren atzeko aldean Laborategi Munizipala zegoen eta bertan Azokan salduko ziren janari eta edariak ikertzen ziren.

-Buruhandiak eta erraldoiak ere eskolako behe solairuan zegoen biltegian gordetzen ziren, eta handik atera ohi ziren urte askotan Madalenetan, hasiera emateko txupinazoa eskolatik bota ondoren.

-Viteri kaleko auzotarrek S. Pedro eguna aukeratu zuten auzoko festak ospatzeko.

 

30. HAMARKADA. ERREPUBLIKAR GARAIA

ESKOLAK BERE MARTXA JARRAITZEN DU ETA HONAKO HAUEK DIRA ESKOLAKO MAISU-MAISTRAK:

Adolfo Velasco

Domingo Murua

Ignacia Flores

Maria Luisa Correas

Maria Teresa Olasagasti

Miguel Irastorza (aurrerago herriko eskola bat eskeini zitzaion)

Francisco Auzmendi

Ana Bizcarrondo

Maria Urrestarazu

Esperanza Santa Maria

 

1934

UDALETXEAK, ESKOLAN, ESKOLA-KANTINAK ZABALTZEKO BEHARRA IKUSTEN DU 1933KO UHOLDE LARRIEN ONDORIOZ KALTETUTAKO FAMILIEI LAGUNTZEKO HELBURUAREKIN. BATZORDE BATEK AZTERTZEN DU NOLA ERAMATEN DIREN AURRERA ESKOLA KANTINAK DONOSTIAN, DIRU LAGUNTZAK ESKATZEN DIRA ERAKUNDE OFIZIAL DESBERDINETAN ETA LAGUNTZA HERRIKO DENDA ETA ENPRESETAN.

1934ko martxoaren 20an inauguratu ziren ofizialki eguerdiko 12etan. Hasieran 50 ikaslek bazkaltzen zuten eta janaria Bar Guriatik ekartzen zen. Garaiko menuek ez zuten zerikusirik gaurkoekin eta astero errepikatzen ziren. Hiru plater ematen ziren: zopa, lapikokoa eta haragia; ostiraletan bakailoa.

 

1936

IKASTURTEA EZ DA HASTEN URRIAREN 19A ARTE, GERRA ZIBILA DELA ETA. ALKATEAK, BANDO BATEZ, JAKIN ARAZTEN DU UMEAK ESKOLARA BIDALI BEHAR DIRELA, NAHITAEZ.

Garai arteko zenbait maisu-maistra herritik desagertu egin ziren, nondik norakorik utzi gabe. Haietako bat, Miguel Irastorza, atxilotua izan zen eta gero fusilatua.

Kurtso honetan ikasle kopurua izugarri gutxitu zen, herritar asko eta askok alde egin behar izan zuelako.

Garaiko agirietan eskolaren honako deskribapen hau agertzen zen:

“VITERI ESKOLA.- Hospital kalearen 1. Kokatua. Bertan aurkitzen dira: nesken graduadu eskola (3 sail); mutilen 2 eskola unitaria; umeen 2 udal eskola (boluntarioak); txikien 3 udal eskola (boluntarioak) eta Arte eta Lanbideen eskola.”

 

GERRAOSTEA

GARAI GORDINA ETA BELTZA. ESKOLAK, BERE EGINKIZUNA BETETZEN JARRAITZEN DU; IRAKASTEN ETA HERRIKO UMEAK HEZITZEN, BEHAR BEHARREZKO LANA, ESKOLA PUBLIKO BAKARRA IZANIK.

49 eta 52. urte bitartean, dirutza handiko zabaltze eta konponketak burutu ziren (garaiko 976.048 pzta) udalaren kontura, Banco de Credito Local-i eskatutako kreditu bidez. Dirudienez, eraikina guztiz hondatua zegoen azken uholdeak pasa eta gero, militar okupazioa gerra garaian eta baita ere, denboraren poderioz.

 

50. ETA 60 HAMARKADEN BOOM DEMOGRAFIKOA

1954KO UZTAILAREN 22AN, STA MARIA MAGDALENA EGUNEAN, HERRIKO PATROIA, ERRENTERIAKO II. INDUSTRI-ERAKUSKETA INAUGURATZEN DA. KOKAPENA, BERRIZ ERE, VITERI ESKOLA DA, GERTAKIZUN HORRETARAKO ZAHARBERRITUA. HERRIKO 149TIK 53 INDUSTRI AURKEZTEN DIRA.

Errenteriako industriaren gorakada eta garrantzia direla eta, biztanleria izugarri handitu zen, estatu espainoleko herrialde askotatik etorritako jendearekin.

Horren adierazgarri, hau zen 1960an gure eskolaren ikaslego eta irakaslego kopurua:

VITERIKO ESKOLAK:

  • Neska txikien gela bat (58 ikasle). Maistra: Maria Olascoaga
  • Nesken zazpi maila (258 ikasle) Maistrak: Ignacia Flores, Luisa Correas, Victoria Goicoetxea, Julia Irazu, Filomena Goñi, Maria Arrillaga eta Victoria Igarzabal
  • Mutilen sei maila (·365 ikasle). Maisuak: Ramon Herrero, Alfredo Lopez, Clemente diez, Daniel Enciso, Eulogio Divason eta Ramon Garcia.

Hamarkada honen amaieran eskolako ikasleria kopurua asko handitu zenez, hurrengo ikasturtean Iztietako San Jose Obrero elizan, gela batzuk sortu behar izan zituzten eskola berria eraikitzen zen bitartean.

Hori dela eta, auzo berriak eraiki behar ziren: -Alaberga, Galtzaraborda, Agustinas- bakoitza bere eskolarekin. Aurrerantzean Viteri ez da izango eskola publiko bakarra.

70. HAMARKADA

URTEAK PASA AHALA, KONPONKETAK EGIN ARREN, ERAIKINA HONDATUTA DAGO ETA 1974AN BEHERA BOTATZEN DA; TOKI BEREAN ERAIKITZEN DA GAURKO ESKOLA BERRIA, MODERNOA ETA LEKU GEHIAGOREKIN.

Aintzinako eraikina eta sortzailea ahaztu nahi ezean, berriaren sarreran ipini zen Pedro Viteri jaunaren erretratoa eta plaka bat, bota zeneko eta birreraiki zeneko datekin, Guraso Elkarteak eskatuta eta irakaslegoak onartuta.

Garai honetan, irakaslegoak bazekien zein garrantzitsua zen euskararen trasmisioa eskola publikoan eta prestatzen hasi zen; hiru gela egokitu ziren ikastorduz kanpoko klaseak emateko eta euskara ikasgai sartu zen besteen artean irakaslegoaren ahaleginari esker. Geroago, Administrazioak irakasle bat jarri zuen propio euskera irakasteko.

Viteri eskolak, sortu zenetik, izan zituen “txikien” gelak eta hiru urterekin hasten ziren eskolara joaten. Baina lehen aipatutako hazkundeagatik ez zegoen denentzako lekurik; Administrazioak, Larrialdetarako Plana jarri zuen martxan sei urtetik beherakoak eskolaratzeko eta Parbularioak eraiki ziren auzoetan. 1973 urtean Olibetekoa inauguratu zen zortzi gelekin.

Viteri berria eginez geroztik ez zuen Haur Hezkuntzako plazarik. Hau dela eta, Olibetekin harreman estua izango du, txikitan hara joaten ziren gehienek gero Viterin jarraituko baitituzte ikasketak.

80. HAMARKADA

HAMARKADA HONETAN EUSKARA IRAKASTEA OFIZIAL BIHURTZEN DA ETA HORRETAN GURE ESKOLA AITZINDARI DA ERRENTERIAKO ESKOLA PUBLIKOEN ARTEAN. 1984AN B EREDUA EZARTZEN DA ETA 1989AN D EREDUA.

Lehen leku falta egon bazen, garai honetan matrikula gutxitzen hasi zen, industria krisian dagoelako eta, batez ere, jaiotzeek beherakada handia ezagutu zuelako. Honen guztiaren ondorioz, eskolek elkartu beharra antzeman zuten, baliabide materialak eta pertsonalak hobeto aprobetxatzekotan, gizarteak eskatzen zuena eskaini nahian.

90. HAMARKADA

HORI DA 94-95 IKASTURTEAN OLIBET, VITERI ETA MARKOLA BATERATZEKO ARRAZOIA. LEHENENGO BIEN ERAIKINETAN KOKATU ETA 2 URTETIK 14RAKO TARTEA BETETZEN DU. IRAKASLE KOPURUA 40TIK GORAKOA DA

96-97 ikasturtean Heziketa Erreforma jarri zen indarrean eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zen 16 urte arte; honek egokitu beharra ekarri zuen: Haur Hezkuntza (2-5 urtera) eta Lehen Hezkuntza (6-12 urtera) Viteri ikastetxean egingo dutenek D.B.H. eta Batxilergoa egiteko (13-18) Koldo Mitxelena Institutuan izango dute jarraipena.

Bi eskoletako heziketa planteamenduak koordinatu behar ziren, eta horrek izenak bateratzea eskatu zuen; 1998ko martxoaren 18tik aurrera, filologo ospetsua eta euskararen eremuan jantzia izan zen errenteriatar gorenaren izena eramango du Viteri ikastetxeak: CEP Koldo Mitxelena LHI.

XXI. MENDEAREN LEHEN HAMARKADA

Azken hamarkada honetan, gure ikastetxeko ezaugarririk nabarmenena zera izan da:

  • Gizartean eman diren aldaketa ugariei erantzun azkar bat eman behar izatea.
  • Proiektu sendo bat edukiz, ikastetxea hedatzeko ilusioari aurre egitea, Markola eraikinean, Agustina auzoko ikasleak hezituz.

 

Une honetan, hiru lerroko eta D ereduko ikastetxe bat gara, 500 inguru ikasleekin eta Hezkuntza Proiektu sendo batekin.

Irakasleak
AGIRITEGIA Pasahitza beharrezkoa da
© KMLHI 2010
Lege Oharra  |  Web Diseinua